LEPAHORIA

Izen zientifikoa: Martes martes

DESKRIBAPENA

Gorputz luzanga dauka (burutik buztanaren hasieraraino 42-52 cm) eta buztan luze eta lodia (22-27 cm). Gorputzadarrak laburrak dira. Oro har marroia den arren, sabelaldea argiagoa dauka eta hankak, berriz, ilunagoak. Lepaldean orban hori-laranja bat izaten du, gehienetan behe barailaren zati txiki bat baino hartzen ez duena. Belarri txiki eta borobilak ditu eta mutur zorrotza, sudur beltzarekin. Hanketan bost hatz ditu, erabat ilez estalita, baita oin zolak ere. Aipagarriak dira hatzen artean agertzen diren ileak, elur bigunaren gainean ibiltzeko erabilgarriak direnak; hau dela eta, aztarna bereizgarria dauka. Gainera, oin zoletako ilaiarengatik zaila izaten da aztarnak hautematea. Dimorfismo sexualik ez egon arren, oro har arrak emeak baino sendoagoak izan ohi dira: arrek 1,2-2 kg pisatzen dituzte eta emeek 0,9-1,5 kg.

ELIKADURA

Lepahoriaren dieta nagusiki karniboroa da eta espezie generalista da. Hegaztiez eta beren arrautzez elikatzen da, baita urtxintxa, arratoi, sagu, untxi, erbi eta abarrez ere. Arrautzak jateko modua oso berezia da: zulo luzanga bat egiten die eta bertatik xurgatzen du edukia. Arrautza gehiegi harrapatu baditu, goroldio azpian edota landareetan gordetzen ditu.

ERBI EUROPARRA

Izen zientifikoa: Lepus europaeus

DESKRIBAPENA

Euskal Herriko bi erbi-espezieen artean handiena da, 50-60 cm-ko luzeera eta 4,5 kg izatera irits daiteke. Emeak arrak baino zertxobait astunagoak dira, baina, neurri-desberdintasun txiki horretaz aparte, ez dago alderik sexuen artean, beraz, bereizteko modu bakarra ageriko sexu-organoak begiratzea da. Kolore arre-horixka eta orban beltzdun erbia da; sabelaldea, berriz, zuria du; isats zuri-beltza eta belarrien punta beltzak ditu, eta neguan kolore grisaxka hartzen du. Zango sendo eta luzeak ditu eta oso belarri luzeak, 10 cm-rainokoak.

ELIKADURA

Belarjalea da eta landare belarkarak jaten ditu, gramineoak bereziki, nahiz eta udaberrian loreak eta beste landare batzuen pujak ere jaten dituen. Udazkenean eta neguan, onddoak, fruitu batzuk eta zuhaitz eta zuhaixken kimuak ere jaten ditu. Landatutako zerealak ere elikagai-iturri ona dira berde dauden bitartean. Aukera duenean landare basatiak eta belar txarrak hautatzen dituela ikusi da, baina nekazal jarduerak horien galera eragiten duenean, landatutako espezieak jaten ditu.

KATTAGORRI ARRUNTA

Izen zientifikoa: Sciurus vulgaris

DESKRIBAPENA

Tamaina txikiko ugaztuna da katagorri arrunta, gorputz luzexka eta estuduna. Bestalde, bere-berea duen isats iletsu eta hanpatua du ezaugarri karakteristikoena. Normalean, isatsa luzaturik aritzen da, oreka mantentzeko balio izateaz gain, gorputz-espresiorako tresna gisa ere erabiltzen baitu. Oro har, 19-24 cm bitartean izaten ditu gorputzak, 15-20,5 cm-ko buztana kontuan izan gabe. Pisua, berriz, 18,6 eta 35,7 g bitartekoa izan ohi du.

Bizkarraldea arre edo gorrixka kolorekoa izaten dute, eta sabelaldea, ostera, zuria. Hala ere, guztiz zuriak (albinismoa) edota, maizago, guztiz beltzak (melanismoa) diren banakoak ere ikus daitezke. Neguan zehar pintzel antzeko egitura iletsuak garatzen dituzte belarri puntatan, behin urtaro hau igarota erori egiten zaizkienak.

Atzeko soin-adarrak aurrekoak baino handiagoak eta sendoagok dira eta lau atzapar luze izateaz gain, tamaina txikiko erpuru bat ere badute, guztiak atzazal luze eta kurbatuz horniturik. Aurreko gorputz-adarrak ere atzazalez horniturik dauzka.

ELIKADURA

Mota askotako haziak (intxaurrak, ezkurrak, urrak, pagatxak, pinaburutako pinaziak...) badira ere katagorrien dietaren zati nagusia, tuberkuluak, onddoak, likenak eta arrautzak ere jaten ditu. Inoiz, tamaina txikiko txoritxoren bat edota ornogabeak ere jan ditzake.

MUXAR GRISA

Izen zientifikoa: Glis glis

DESKRIBAPENA

Karraskarien taldean sailkaturiko ugaztun txikia da muxar grisa, 13-20 cm-ko gorputza izatera hel daiteke, eta 11-17 cm bitarteko buztan iletsua izan. Indibiduo txikienek 100 g inguruko pisua izan ohi dute eta handienak, berriz, 200 g pisatzera hel daitezke.

Begiak nabarmen bereizten dira animalia honen aurpegian, izan ere, kolore ezberdineko ilez inguraturik egoteaz gain, tamaina esanguratsukoak dira, animaliaren gorpuzkera orokorrarekin alderatuz gero. Aurreko zein atzeko gorputz-adarretan kuxin heze itsaskorrak dituzte, zuhaitzetan gora igotzeko oso baliagarriak zaizkienak. Gainera, aurreko gorputz-adarreko lau atzaparrek, erpuruak izan ezik, eta atzeko gorputz-adarretako atzapar guztiek erpe labur eta kurbatuak dituzte.

ELIKADURA

Oro har animalia fitofagoa bada ere, noizean behin intsektuak, loreak, onddoak edota hegazti txikiren bat edo beste ere jan ditzake muxar grisak. Udaberri-udan kimuak, zuhaitz-azalak, hostoak eta beste hainbat landareren zati berdeez elikatzen da. Irailetik aurrera, ostera, gantzetan aberatsak diren fruituak bilatzen ditu, izan ere, hibernazioa igarotzeko lain gantz eskuratzen ez duen indibiduoa ez baita hurrengo udaberrira iritsiko. Urte-sasoi horretan, beraz, ezkurrez, pago-haziz, urrez, gaztainaz, intxaurrez, eta, koipetan aberatsak diren beste zenbait fruitu lehorrez elikatzen da. Garai honetako elikadura dela eta, muxarra gizendu egiten da, eta, urtean zeharreko pisurik handienera iritsi ohi da.

AZTOREA

Izen zientifikoa: Accipiter gentilis

DESKRIBAPENA

Aztore helduaren goialdea grisaxka kolorekoa da, buruan txapel beltza du eta begi gainean bereizgarria den zerrenda superziliar zuria. Bekaldea gris argia da eta bularraldea beltzak diren lerro horizontalekin eta lepoa lerro beltz bertikalekin apaindua du. Mokoa beltza da eta hankak horiak. Gorputzak 46-63 cm bitarteko luzera du eta 135-165 cm-ko hego-luzera. Dimorfismo sexuala ematen da, nahiz eta ez den oso nabarmena. Eme heldua arra baino handiagoa da, emearen pisua 760 g eta 2 kg bitartekoa izaten baita; eta, arrarena, 520 g eta 1,1 kg bitartekoa. Emearen goialdea marroiagoa da eta bularreko lerroak zabalagoak dira.

ELIKADURA

Aztorearen dieta tamaina txikiko eta ertaineko hegazti eta ugaztunetan oinarritzen da, hala nola basoilarra, eperra, usoa, belea, mika, erbia, kattagorria… ehizatzen ditu.

Ezkutalekuetan egoten da harrapakinaren zain, hori da bere ehiza metodoa. Harrapakina ikusi bezain pronto, oso bizkorra izaki, ustekabean airean oldartu eta atzaparrekin hil egiten du, mugimendu bortitzez.

TXONTA ARRUNTA

Izen zientifikoa: Fringilla coelebs

DESKRIBAPENA

Hegazti ezaguterraza dugu txonta arrunta. 14-16 cm-ko txoritxoa da, txolarrearen antzeko tamaina du, baina honek baino buztan luzeagoa eta gorputz lirainagoa. Bere ezaugarririk bereizgarriena hegoetako eta isatsen alboetako banda txuri bikoitza da, baita burugain berde-giskara ere. Arrak eta emeak erraz bereizten dira. Arrek buruaren alboak eta bularra gorria dute, eta pileoa eta garondoa gris-urdinxkak. Mantua ere arre-gorrixka dute. Aldiz, emeek eta ale gazteek kolore berde-griskara dute, apalagoa. Hauen bizkarraldea arrea da eta azpikaldea griskara. Gainera, alboetako banda zuriak arrenak baino estuagoak dira.

ELIKADURA

Txontak batik bat lurretik hartzen dituzte haziez elikatzen dira. Udan ornogabeez ere elika daitezke, lurrean edo airean bertan ehizatzen dituztenak. Aldiz, neguan, talde txikietan elikatu ohi dira hesi-bizi edo baso inguruetan eta bakarka edo binaka ehizatu dezakete orduan.

KAKALARDO ADARLUZE ALPETARRA

Izen zientifikoa: Rosalia alpina

DESKRIBAPENA

Kakalardo hau urdin koloreko eta orban belzdun oskolagatik da ezaguna. Populazio egonkorrak osatzen dituzte eta lokalizatuak, larbak hazi dituzten zuhaitz edo zuhaixka berean aurkitzen baititugu helduak ere. 15 eta 40 mm bitarteko tamaina izan ohi dute.

Arretan antenen luzera gorputzaren bikoitza izan daiteke. Gorputzeko, antenetako eta hanketako kolorea urdin-grisa orbain beltzekin hornitua izaten da. Kolorazio horrek pagadietan ondo babesteko aukera ematen dio, zuhaitzaren enborretako azalean egoten baita.

Pagadietan, zein, mendietako basoetan bizi dira. Normalean ekaina, uztaila eta abuztu hasierararte azaltzen dira. Larbak intxaurrondoetan, gaztainondoetan, ezkietan, astigarretan, baina, bereziki, pagadietan hazten dira.

ELIKADURA

Egunean zehar landareen polenaz elikatzen dira, eta atzeko hankak igurtziz soinu berezi bat sortzen dute. Emeak arrautzak erruten ditu pago-azaleko pitzaduretan eta zuloetan, eta jaiotako larbak horrela biziko dira hiru urtez azal horretatik elikatuz.

ONDDO BELTZA

Izen zientifikoa: Boletus aereus

DESKRIBAPENA

Txapelak, hasieran esferaerdi forma duen arren, adinarekin ganbil formara jotzen du. Itxura lodikoa da eta 8-25 cm-ko diametroa du. Kolore aldakorra izan ohi du, ia beltzetik marroi ilunera edo arre-okrera arte. Kutikula lehorra da, mamitik bana daitekeena. Garai lehorretan ireki egiten da mami zuria ikustaraziz. Gazteetan belusatua da eta askoz leunagoa garatuetan. Estipea lodia da, 5-15 x 3-8 cm bitartekoa eta potxolo xamarra behetik. Iltze forma du eta okrearen antzeko beixa, amaieran marroi-gorrixka kolorea hartzen du. Goialdean saretxo zurixka batez estalia agertzen da. Mamia zuria eta trinkoa da, airearekin kontaktuan aldatzen ez dena. Burdin sulfatoarekin erreakzionatzean berde argi kolorera aldatzen da mamia. Zapore atsegina eta lurrintsua du, usaina bezalakoa.

GOROSTIA

Izen zientifikoa: Ilex aquifolium

DESKRIBAPENA

Zuhaiska edo zuhaitz txikia izaten da; 10 m-rainokoa eta oso adarkatua. Enborraren azala leuna eta grisaska izaten da gaztetan, ondoren arre bihurtzen delarik. Adarrak tente ditu bortizki eta kolore berde distiratsua dute. Hostoak, iraunkorrak eta oso koriazeoak dira, obatu eta luzanga-eliptiko bitartekoak, hortz zorrotzez hornituak dira, nahiz eta zenbaitetan ertza leuna izan. Edozein kasutan, ertza kartilaginosoa izaten da. Hosto sinple txandakatuak dira, ilegabeak. Linboa 5,5-12 x 2,5-6 cm-koa da, eliptikoa edo obatua eta mutur zorrotza du. 3-15 mm-ko pezioloa dute, ilerik gabea edo ile gutxi dituena. Hostoak berde ilunak dira gainaldetik eta oso distiratsuak. Azpialdea berriz, kolore nahiz distira aldetik motelagoa dute.

Gorostia landare dioikoa da, hau da, gorosti emeak eta arrak daude. Loreak, beraz, unisexualak dira, oso txikiak eta txuri edo arrosak. Lore aktinomorfoak dira, tetrameroak, eta galtzarbetan agertzen dira, infloreszentzia pilatuetan. Kalizak 4 sepalo ditu, 1 x 1-1,5 mm-koak, obatuak, pubeszenteak eta oinarritik lotuak. Korolak ere 4 petalo ditu, 4-5 x 2-3 mm-koak, zuriak, oblongo-obobatuak, glabroak eta oinarrian lotuak. Fruitua drupa txiki bat da, kolore gorri bizikoa eta adar edo hostoen kolore eta distirarekin kontraste nabarmena sortzen duena. Tamainaz, 9-9,6 x 6,5-7 mm-koa da, globosoa eta glabroa. Heldutasunean 7-8 mm-ko haziak ditu. Ia baso mota guztietan aurki daiteke, lur sakon eta freskoetan. Itzala behar du eta tenperatura epelak.

PAGOA

Izen zientifikoa: Fagus sylvatica

DESKRIBAPENA

Zuhaitzok 40 m-ko altuerara irits daitezke. Euskal Herrian ditugun eguzki landaretako bat da, hots, eguzkiaren bila ziztu bizian gorantz hazten diren zuhaitzetakoa. Normalean, basoetan bizi direnez, oso luzeak eta amaieran adarkatuak izaten dira. Baina, bakartiak direnean eta nahi adina argi dutenean askoz ere borobilagoak izaten dira eta, baita adarkatuak ere. Euskal basoetan, beste hainbatetan bezala, beste eite bitxi bat azaltzen dute, lepatua deritzona. Hauek, lehengoak ez bezala, oin beretik hazten dira eta 2 - 3 m-ra (gorantz segi ezingo balute bezala) asko adarkatzen dira berriz ere gora joateko. Hau ikazkintza dela eta gertatzen da, izan ere, industrializazioaren hasieran ez zituzten zuhaitzak guztiz mozten, horren ordez zuhaitzari adarrak mozten zizkioten zuhaitza bera hil ez zedin. Azala grisa du, leuna eta, ia batere zarpailtzen ez denetakoa. Eta gainera, likenek kolore zurixka bat ematen diote.

Hostogalkorrak dira. 10 cm-koak izatera iritsi daitezke luzeran eta, 7 cm-raino zabaleran. Punta zorrotza dute, itxura eliptikoa eta ertzak uhinduak. 5 - 9 nerbio pare dituzte paraleloki kokaturik. Kimutik ateratzen denean, eta bestela hosto azpian, iletxoez josia egoten da. Bestalde, txandakaturik kokatzen dira adarrean zehar. Begiak naranja-marroi kolorekoak diren ezkata gogorrez estaliak dituzte. Landare monoikoa da, baina lore sexubakarrekoekin. Lore arrak oso ugariak dira, 5 - 6 cm-ko pedunkuluetan zintzilaturik. Lore emeak pedunkulu laburragoetan daude, bakarka zein hirunaka. Fruituak: 1 - 3 pagatx izaten ditu, luzangak, ebakidura triangeluarrekoak, zurezko karlo batean gordeak. Karlo hau kanpotik ezkatatsua izaten da eta barnetik ile luzekoa, 4 kuskutan irekitzen dena.

PAGOA

Izen zientifikoa: Fagus sylvatica

DESKRIBAPENA

Zuhaitzok 40 m izatera irits daitezke. Euskal Herrian ditugun eguzki landaretako bat da, hots, eguzkiaren bila ziztu bizian gorantz hazten diren zuhaitzetakoa. Normalean, basoetan bizi direnez, oso luzeak eta amaieran adarkatuak izaten dira. Baina, bakartiak direnean, eta nahi adina argi dutenean, askoz ere borobilagoak izaten dira, eta, baita adarkatuak ere. Euskal basoetan, beste hainbatetan bezala, beste eite bitxi bat azaltzen dute, lepatua deritzona. Hauek, lehengoak ez bezala, oin beretik hazten dira eta 2-3 m-ra, gorantz segi ezingo balute bezala, asko adarkatzen dira, berriz ere gorantz joateko. Hau ikazkintza dela eta gertatzen izan da, izan ere, industrializazioaren hasieran ez zituzten zuhaitzak guztiz mozten, horren ordez zuhaitzari adarrak mozten zizkioten zuhaitza bera hil ez zedin. Azala grisa du, leuna eta ia batere zarpailtzen ez denetakoa. Gainera, likenek kolore zurixka bat eman ohi diote.

Hostogalkorrak dira, hostoak 10 cm-ra irits daitezke luzeran eta, 7 cm-raino zabaleran. Punta zorrotza dute, itxura eliptikoa eta ertzak uhinduak. 5-9 nerbio pare dituzte paraleloki kokaturik. Kimutik ateratzen denean, eta bestela hosto azpian, iletxoez josia egoten da. Bestalde, txandakaturik kokatzen dira adarrean zehar. Begiak naranja-marroi kolorekoak diren ezkata gogorrez estaliak dituzte. Landare monoikoa da, baina lore sexubakarrekoekin. Lore arrak oso ugariak dira, 5-6 cm-ko pedunkuluetan zintzilaturik. Lore emeak pedunkulu laburragoetan daude, bakarka zein hirunaka. Fruituak: 1-3 pagatx izaten ditu, luzangak, ebakidura triangeluarrekoak, zurezko karlo batean gordeak. Karlo hau kanpotik ezkatatsua izaten da eta barnetik ile luzekoa, 4 kuskutan irekitzen dena.

TXILAR KANTAURIARRA

Izen zientifikoa: Daboecia cantabrica

DESKRIBAPENA

Landare zuhaixkara dugu (mulua), 20-50 cm-koa eta ahula, nahiz eta 70 cm-raino luza daitekeen beste landareetan lotu eta hauen laguntzaz. Adar dekunbenteak edo gorakariak ditu, gazteak ile glandularrez estaliak (batez ere goialdean).

Txilar kantauriarraren hostoak tamaina aldakorrekoak dira, handienak 11-14 x 2-5 mm-koak, txandakatuak, peziolatuak, osoak eta iraunkorrak. Formaz estuki lantzeolatu eta obatu-eliptiko bitartekoak. Gainaldean berde ilunak dira, koriazeoak eta ile latzdun guruinak dituzte. Ertza kiribildu daiteke. Azpialde zuri eta tormentuduna dute. Txilarrek lore hermafroditak dituzte, hau da, lore berak ugal-organo ar eta emeak batzen ditu, purpura kolorekoak. Txilar kantauriarraren fruitua 3-7 mm-ko kapsula bat da. Kapsula honek lau kusku ditu eta garatzen denean, txilarrak korola galdu eta kuskuak zabalduz haziak askatzen ditu. Hazi asko askatzen ditu, 0,5 mm-koak eta subglobulosoak.

Txilardietan, basoetan eta eskualde arrokatsuetan agertzen da, 50-1500 metroko altueran.